Parkea

Erro-Roncesvalles Parke Mikologikoa elkarlanaren fruitua da, helburu honen inguruan elkar hartu baitzuten Erroibarrek, Auritzek, Orreagak eta Orregako kolegiatak, eta haien oihanak 2017an barruti bihurtu zituzten, baliabide mikologikoa zaintzeko eta balioesteko asmoz.

Arautzeko asmoaren helburu orokorrak honako hauek dira:

  • Ziza-bilketaren masifikazioa eta gehiegizko ustiapena saihestea (jasangarritasun ekologikoa eta soziala).
  • Proiektua diruz hornitzeko sarrera zuzenak sortzea (jasangarritasun ekonomikoa).
  • Baliabide mikologikoa tokiko enplegu iturri gisa erabiltzea landa garapen jasangarriaren testuinguruan (aberastasun ekonomikoa sortzea).

Proiektua abian jartzeko berariazko helburuak hauek dira:

  • Zentro mikologiko bat irekitzea eta martxan jartzea Bizkarreta-Gerendiainen (latsategi zaharra), bi ekintza-lerro eramateko aitzina, bi helburu garbirekin:
    • Informazio Mikologikoko Gunea abian jartzea, baliabide mikologikoaren inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa lantzeko, eta haren aprobetxamendutik ondorioztatzen diren auziak eta etorkizuneko Erro-Roncesvalles Parke Mikologikoa ezagutarazteko.
    • Eskualdeko Behatoki Mikologikoa sortzea, interes sozio-ekonomikoa duten onddoen ekoizpena eta gaur den bilketa-presioa ezagutzeko. Era horretan, egoeraren diagnostikoa egiten ahalko da eta politika eraginkorrak antolatzen ahalko dira baliabide mikologikoaren balioespen eta zaintzaren inguruan.
  • Tokiko enpleguari eustea, lanpostuak sortzea eskualdeko ingurumen-zerbitzuen eremuan.
  • Behar diren inbertsioak egikaritzea Parke Mikologikoa sortzeko: egoitza prestatzea, seinaleak, web gunea, mapa-gida, ezagutarazteko bideoa, etab.

Nafarroako bigarren parke mikologikoa da hau, eta proba-eremua izan nahi du, bertako ekoizkinaren eta haren merkaturatzearen balioespena bilatzen duen esperientzia pilotua.