Proiektua
Proiektu hau NAFARROAKO MENDIALDEAren ekintza estrategikoa da. 2011n jadanik Erroibarrek, Aezkoak eta Saraitzu Ibaxak proiektu bat aurkeztu zuten, Cederna-Garalurren eskutik, “Baliabide mikologikoaren balioespen jasangarria Nafarroako Mendialdeko oihanetan” izenekoa, Biodiversidad Fundazioaren Empleaverde laguntzak eskuratu nahian. Ez zen, ordea, aitzina atera finantziazio faltagatik.
Ondoren, 2014an, Cedernak sektoreko mahaia sustatu zuen, mikologiak eragiten duen interesa ikusita, gai hori berariaz lantzeko. Mahai hartan mikologiaren egoera eta arautze-eredu mankomunatu bat garatzeko aukerak landu ziren.
Urte hartan berean Erroko udalak Micopark enpresa kontratatu zuen “Erroibar / Auritz / Orreaga Parke Mikologikoa sortzeko esperientzia pilotuaren plan teknikoa” egin zezan. Plan tekniko hartan, etorkizuneko Parkearen oinarriak jarri ziren eta proiektua abiaraztearen jasangarritasuna aztertu zen ingurumen, gizarte eta ekonomiaren aldetik. Planaren baitan, baita ere, informazio prozesu bat ireki zen, proiektuari buruz herritarrek zuten iritzia jasotzeko.
2015ean, Erroko Udalak “Mikologia eta landa garapena” izeneko ikastaroa eskaini zuen, eskualdeko jendeari baliabide mikologikoaren kudeaketan eta balioespenean prestakuntza eskaintzen hasteko, irtenbide profesionala izaten ahal den aldetik. 12 lagun aritu ziren, 10 Erroibarretik, 1 Esteribarretik eta 1 Aezkoatik.
2016an ezin izan zen proiektuarekin aitzina egin, hainbat arrazoirengatik, baina zenbait bilera egin ziren proiektua aurkezteko eta eztabaidatzeko, parte hartzen duten tokiko entitateekin.
2018an “Erro-Roncesvalles Parke Mikologikoaren abiatzea eta sentsibilizazioa” garatu zen PDR EDL Leader deialdiaren bidez, Parke Mikologikoa sortzeko eta ezartzeko behar ziren ekintzak aitzina eraman eta diruz hornitzeko aukera ematen baitzuen hark. Hartara, baliabide ekologikoen balioespenerako proiektu mankomunatu bat eraikitzen hasi ginen, Nafarroako mendialde osora zabaltzeko moduko proiektu bat.
Erro-Roncesvalles Parke Mikologikoa abiarazteak 79.354,27 € inbertsioa ekarri du, Nafarroako Gobernuak eta Europako Batasuneko FEADER funtsak diruz hornitua. EDLP Cederna Garalur 2014-2020 bitartekoa da, Nafarroaren Landa Garapena 2014-2020 Programaren baitan.
