Zizak
Onddoa izaki biziduna da, konplexua, heterotrofoa, hau da, besteren materia organikoa behar duela elikatu eta hazi ahal izateko. Hifa izeneko filamentu mehe sare batez osatzen da eta horien multzoa da mizelioa deitzen duguna. Horren fruitua (esporak) biltzen duen gorputza da ziza, onddoen zati ikusgarria eta haren ugalketaz arduratzen dena.
Behar duten karbonoa gai organikoetatik lortzen dute onddoek, gai horiek bizidunak izan edo hilak izan, eta hiru eratara bereganatzen dituzte, funtsean, elikagaiak:
Onddo saprofitoak. Gai organikoez edo usteltze egoeran diren gaiez elikatzen dira. Ohikoenak dira eta beraien bidez hondakin organikoak mineral bihurtzen dira, humusaren osagaiak bilakatuta.
Onddo bizkarroiak. Animalia, landare edo beste onddo batzuk kolonizatuta bizi dira, eta haiengan gaixotasunak edo heriotza ere eragin dezakete.
Onddo sinbiotikoak. Beste organismo bizidun batzuekin elkartuta hazten dira. Elikagai eskaseko lurretan onddo hauek mesedegarriak dira zuhaitzak handitzeko. Talde honetakoak dira basoko onddo espezie jangarrietako asko.
Parkeko Habitat motak
Erroibar, Auritz eta Orreagako inguruan, batez ere, hiru giro motatan hazten dira zizak:
Pagadi eta hariztiak. Osotara 7.508 ha dira, %85 pagadiak eta %14 hariztiak eta haritz eta pago oihan mistoak. Oihan hauek Erroibarraren iparraldean, Auritzen eta Orreagan, daude.
Pinudiak. Osotara 1906 ha dira, horietatik %75 pinu gorria edo ler gorria (Pinus silvestris), Pirinioan esan izan zaion gisara, %12 oihan misto hostotsuak eta pinudiak nahasita, eta %9 larizio pinua (Pinus nigra). Oihan hauek Erroibarraren erdian eta hegoaldean daude.
Larreak eta bazkalekuak. Osotara 4.076 ha dira, Erroibar, Auritz eta Orreagako inguru guztian hedatuak.