Gibelurdina
(Russula gr. cyanoxantha)

Deskripzioa: kolore aldakorreko ziza da, espezie zehatzen arabera, izan ere, oro har hitz eginda, lau gibelurdin mota daude. Russula generokoak izaki, haragi bikortsua dute, alegia, klarionaren modura hausten dena. Hauek ez dute, laktarioek bezala, latex isurtzen.

Espezie nagusiak, gainetik:

  • Russula cyanoxantha: gehienbat more kolorekoa.
  • Russula virescens: berdea eta kutikula arrailtzen dena.
  • Russula heterophylla: berde kolorekoa.
  • Russula vesca: arrosa-krema kolorekoa.

Guztiek ere erreparatu beharreko ezaugarriak dituzte:

  • Haragia hautsi egiten da bikor txikiak erakutsiz, klarionaren modura (russula guztien ezaugarria)
  • Haragiak ez du zapore minik (dastatu, irentsi gabe, zatitxo bat gordin).
  • Orriak eta oina zuriak.

Russula espeziekoak ehunka ziza mota daude eta,  hagitz zaila da horietako bakoitza zuzen identifikatzea. Nolanahi ere, bakar bat ere ez da toxikoa, haragi mina izan ezean eta ongi egosiz gero.

Habitata: espezie mikorrizikoak dira, oihan hostoerorkorretakoak. Pagoaren eta haritzaren erro artean sortzen da.

Ekainaren erditik azaroaren hasierara sortzen da, espezieen arabera lehenago edo beranduago. Russula vesca eta Russula cianoxantha lehenago heldu ohi dira, eta Russula virescens udakoa da peto-petoa. Russula cianoxantha, gainera, azaroaren hasiera arte egoten da, baina gainerako espezieak hotzarekin galdu egiten dira.

Jangarritasuna: bikaina, Russula espezieko zizarik onenetakoa eta gipuzkoar-bizkaitarren ziza kuttunenetakoa.

Oharrak: espezie talde hau oso estimatua da Euskal Herrian.

Nahasteko arriskua: oronja berdea (Amanita Phaloides), espezie hau hilgarria da.  Bolba du oinaren azpian, uztaia gerrian eta zuntzezko haragia (zuraren antzekoa), gibelurdinen ezaugarriez oso bestelakoak.

Russula Olivacearekin ere nahas daiteke. Bigarren mailako gibelurdina esaten zaio, eta aldea da kapelan ezkata finak dituela, orri horixkak eta oin arrosa-kara. Jangarria da, kalitate eskasagokoa, eta gainera, gordinik edo gaizki egosia ziurtatua dago intoxikazio gastrointestinalak eragin izan dituela.

Argazkia: Jon Mirena Galardi