Onddo hankagorria
(Boletus erythropus)
Deskripzioa: tamaina handiko ziza da. Himenioan hodi gorri-laranjak erakusten ditu. Haragia agudo urdintzen da hausten bada. Kapelaren kolorea arre-txokolatea da, onddo estimatuenen (Boletus gr. Edulis) antzekoa. Beste ezaugarri bat da oinean punteatu gorrikara fina erakusten duela.
Habitata: espezie mikorrizikoa, oihan hostoerorkorretan ohikoa, batez ere pagadietan. Udako eta udazkeneko ziza da, uztailaren amaieratik azaro hasiera arte heldu dena. Sasoirik emankorrena irailean eta urriaren lehenengo hamabostaldian du. Pagadietan lehenago etor daiteke, eta hariztian ondoren.
Jangarritasuna: jangarri ona, haren testura eta zaporea onddo beltzen (Boletus gr. edulis) oso antzekoak dira. Zartaginean prestatzen direnean haragia krema-hori-kara bihurtzen da. Ezin jan da gordinik.
Oharrak: haragia hautsi eta urdintzen diren onddoak dira; “behi-onddo” deitzen dira euskaraz. Horrek erakusten du ez direla oso estimatuak inguru hauetan. Hala ere, espezie hau oso jangarri ona da. Oso ugari etortzen da Erroibar, Auritz eta Orreaga eskualdean, baina oso gutxi biltzen da.
Nahasteko arriskua: behi-onddoa (Boletus gr. Luridus), toxikoa ote den susmagarria. Poro gorri-laranjak ditu, oinean erretikuloa, eta haragia haustean urdintzen da.