Saltsaperretxiko beltza
(Craterellus cornucopioides)

Deskripzioa: ziza beltza da, tronpeta forma duena. Ez du ez orririk ez tolesdurarik himenioan. Testura kartilaginosoa du. Izen arrunta frantsesetik heldu da eta sortzen deneko garaiari egiten dio aipamena, Domusantu egunarekin (azaroaren 1ean) heldu izan delako.

Habitata: hauen bizileku kuttuna pagadia da, hezetasun handiko giroak nahi izaten baititu. Maiz erreka bazterrean edo leku ospeletan sortzen da. Udazkeneko espeziea izaki, Erroibarren, Auritzen eta Orreagan abuztuaren erdialdetik aitzina heldu daiteke, eguraldi hezea bada, azaroaren erdialdera arte. Ateratzen den lekuetan ugaria izaten da. Iluna denez, ez da erraza honi antzematea, orbel artean ezkutatzen baita.

Jangarritasuna: jangarri bikaina. Kolore eta itxuragatik oso erraz ezagutzen den ziza da, ez dago beste batekin nahasterik, eta eskualde honetan oso ugaria da.

Oharrak: bada honen oso antzeko espezie bat, jangarria hori ere, tronpeta grisa esaten zaiona (Cantharellus cinereus) eta kapela azpian tolesdurak ageri dituena. Ez ditu harrak jotzen, ez bata eta ez bestea, eta erraz idortu daitezke. Idortu ondoren, eltzekoaren osagarri gisa edo jakia laguntzeko erabiltzen da.

Nahasteko arriskua: Ez dago inongo ziza toxikorekin nahasterik.

Argazkia: Patxi Pérez Zugasti