Tripakia
(Hydnum gr. repandum)

Deskripzioa: tamaina ertain-handiko ziza, krema edo laranja kolorekoa. Bereizgarririk argiena da himenioan (kapelaren azpiko alde ugalkorra) ezten bezalako batzuk dituela. Ez dago beste batekin nahasterik.

Habitata: pagadi eta hariztietan, batez ere uztail erdialdetik azaro erdialdera. Uda hezeetan nonahi zabaltzen da, batez ere pagadian; hariztietan, berriz, urrian eta azaroan ateratzen da gehiago. Poliki hazten denez, ziza hau aurkitzeko sasoia luzatu egiten da.

Jangarritasuna: jangarri ona. Ezagutzeko erraza da, ez dago nahasterik, eta oso ugaria da Erroibarko iparraldean, Auritzen eta Orreagan. Komenigarria da ur beroan irakinaldi bat ematea eta ur hori botatzea, batzuetan mingots xamarra izan daitekeelako. Ez du harrak jotzen eta, kontserbatzeko erraza da.

Oharrak: bada espezie bat honen hurbilekoa, txikiagoa eta kapela laranja kolore biziagokoa. Hydnum rufescens izeneko ziza da, jangarria hau ere, eta beharbada  kalitate gastronomiko handiagokoa.

Nahasteko arriskua: ez dago inongo ziza toxikorekin nahasterik.

Argazkia: Patxi Pérez Zugasti