Praktika onak
Erro-Roncesvalles Parke Mikologikoan heziketa eman nahi dugu ziza-bilketa jasangarria izan dadin, intoxikazioak saihesteko erne ibiliz eta ingurumena errespetatuz. Horretarako, zizak biltzeko eta jateko gomendioak eskaintzen ditugu.
Zizak biltzeko jardunbide egokiak
Kontu izatea perretxikoak biltzean
Perretxikoen eta inguruan dituzten landareen “sustraiei” kalte egiten ahal dieten tresnak (igitaiak, eskuareak…) erabiltzea saihestea.
Perretxikoak osorik biltzea
Perretxikoak ongi identifikatzeko osorik, oinaren oinarria barne, eta ongi garatuak (onduak) bildu behar dira.
Oso gazteak diren perretxikoak errespetatzea
Oso gazteak direla biltzen baditugu, perretxikoak ugal daitezen zailtzen ari gara eta gainera nahasteko arriskua handitzen da.
Plastikozko poltsak erabiltzea baino hobea da saskiak erabiltzea
Perretxikoak hobeki egoten dira saski aireztatuetan. Plastikozko poltsak ez dira egokiak, perretxikoak usteltzea lasterragotzen baitute.
Gehiegi zapaltzea saihestea
Gehiegi zapaltzeak lurra trinkotzen duela eta aireztatzea gutxitzen duela frogatuta dago, eta, honenbestez, perretxikoak ugaltzea oztopatzen du.
Perretxiko zaharrak edo/eta hondatuak errespetatzea
Gerta liteke perretxiko horiek ez izatea kontsumitzeko egokiak. Eta, gainera, nahasteko arriskua dago, espezie moduan ezaugarriak bere horretan ez edukitzean.
Hobe da bertan garbitzea
Perretxikoak mendian edo landan bertan garbitzen baditugu, hobeki kontserbatzen dira, zama gutxiago eramaten dugu eta perretxikoak ugaltzea laguntzen dugu.
Perretxiko pozoitsuak errespetatzea
Perretxiko guzti-guztiek, baita pozoitsuek ere, oso funtzio garrantzitsua izaten dute basoetan.
Zizak kontsumitzeko jardunbide egokiak
Perretxikoak ongi identifikatzea
Identifikatzean zalantzak izanez gero, ez dira inoiz kontsumitu behar perretxikoak. Izan ere, jan daitezkeen perretxiko gehienek beren doble edo ordezko pozoitsua dute.
Sineste faltsuak alde batera uztea
Ez itxura ona, ez usain ona, ez eta bareek perretxiko bat jatea -beste sineste faltsu batzuen artean-, ez dira arrasto onak perretxiko bat jan ote daitekeen edo pozoitsua den jakiteko.
Gordinik edo plantxan eginda jatea saihestea
Perretxikoak gordinik edo ez oso eginak jatea digerigaitza da, eta, gainera, batzuk pozoitsuak izaten dira gordinik daudenean.
Perretxikoak 24 orduan jatea
Perretxikoak, oro har, oso produktu galkorrak izaten dira. Hori dela eta, komeni da lehenbailehen hozkailuan sartzea eta bildu eta handik hurrengo 24 orduetan prestatzea/jatea.
Gehiegi ez jatea
Perretxikoek digerigaitzak egiten dituzten gaiak izaten dituzte, eta, gainera, zenbaitetan intolerantziak eta alergiak sortzen dituzte.
Ez nahastea jan daitezkeen perretxikoak eta pozoitsuak
Biltzean batera jartzen baditugu, gero etxean egoki ez bereizteko arriskua dugu.
Kutsatuta dauden zonetan perretxikorik ez biltzea
Nekazaritzako lur landuetan, errepideen bazterretan eta hirietako lorategietan hazten diren perretxikoek osasunerako arriskutsuak diren kontaminatzaile kimikoak pilatzeko arriskua izaten dute.
Kontuz barrengorriekin
Barrengorriek (Agaricus sp) metal astunak pilatzen dituzte. Hori dela eta, komenigarria da garbitzea, zuritzea eta prestatzea, eta, edozein kasutan, neurriz kontsumitzea.
Iturria: Ultzamako Parke Mikologikoa.
Irudiak: Gorka Gorospe.