Ingurua

Erroibar

Erroibar Nafarroako mendialdearen bihotzean dago, Donejakueko bidearen bi aldeetara luzatuta.

Mendialdeko herri txikiak dira bertakoak, usadiozko etxe ederrez eta balio historiko handiko eraikinez osatuak.

9 kontzejuk osatzen dute ibarra: Aintzioa, Aurizberri, Bizkarreta-Gerendiain, Erro, Esnotz, Lintzoain, Mezkiritz, Orondritz eta Zilbeti. 2017an 789 lagun bizi ziren ibarrean.

Erro
Esnotz
Zilbeti

Oihanak, iparraldean gehien bat, pagadiak dira, ziza aniztasun handikoak, tartean aipagarria dela, ezinbestez, Boletus gr. Edulis. Bizkarreta-Gerendiain herrian dago Informazio Mikologiko Gunea.

Ibarrean leku aipagarririk bada, hori Sorogaingo parajea da, ziza-biltzaileek oso estimu handian dutena. Bertan elkartzen dira Erroibarra eta frantzialdeko Baigorri eskualdea, biek partekatzen baitituzte herri-bazkalekuak (1856an sinatutako Hitzarmena). Urtean zehar han egiten da aziendak markatzeko ekitaldia, mugaz alde bateko eta besteko aziendaburuak bereizteko; bat maiatzean egiten da, behi eta zaldi aziendak markatzeko, eta beste bat irailean, ardi aziendak markatzeko.

Zaldiak Sorogainen
Sorogaingo Aterpea

Auritz

Ernest Hemingway ospetsuaren iritziz, hauxe zen “Pirinioetako lurralderik madarikatu eta basatiena”. Inolaz ere, edertasun liluragarriko lekua da, Donejakue bidearen bi aldeetara luzatzen dena, Interes Kulturaleko Ondarearen izendapena merezi izan duen multzo historikoa.

Karrika ia bakarreko herri hau Donejakue bideak sorrarazi zuen, Europatik Pirinioak zeharkatuz heldu ziren erromesei zerbitzuak eskaintzeko. Haiek igaro ahala, milaka istorio utzi zituzten lur hauen iragan bizkorrari betiko atxikiak, izan ere, hemendik igaro baitziren legio erromatarrak iparretik Hispania alderantz, eta hemen garaitu baitzuten Karlomagno baskoiek, VIII. mendean.

Aurizberri ondoan duela, bi nekropoli aurkitu izanak adierazten du erromatarren garaiko bi herrixka zirela eta, beharbada, biek osatu zutela “Iturissa” izeneko hiria.

Horren erakusgarri da Zaragoza-Bordele erromatar galtzadaren zati bat aurkitu izana, eta harekin batera sei miliario, orain Aurizberriko Kontzeju-etxean ikusgai direnak.

Orain herri honek ostatu eta jatetxe eskaintza oso ona jartzen du inguru hauetara bisitan etortzen direnen eskura.

Miliarioak Aurizberrin
Ibiltaria Auritzen

Orreaga

Ibañetako mendi-lepoaren oinetan kokatzen da Orreaga. Pirinioko zeharbide natural hartan izan zen Orreagako gudua (778), armada frankoaren porrot mingarrienetakoa eta Karlomagnori doluz negar eginarazi ziona, Frantziako zaldunik onena omen zen Erroldan bertan hil baitzen.

Oihanek estaltzen duten paraje eder hori da, hain zuzen ere, Espainiako Donejakue bideari ekiteko erromes gehienek aukeratzen duten abiapuntua.

Orreagako Andre Mariaren Kolegiata bertan dago, XII. mendearen amaieran eta XIII. mende hasieran eraikia. Erromesen ospitalea zen, eta han dago lurperatua Antso VII. Azkarraren hilotza. Erdi aroko eraikuntzaren adibide bikaina da, eta Donejakue bideko gunerik ezagunenetakoa.

Gune bildu hartan aurkitzen ditugu historia, ostatua eta inguruari buruzko informazioa, Turismo Bulegoaren eskutik.

Eta handik hagitz hurbil dugu Lindus mendi-lepoa, ikuspegi ezin ederragoak eskaintzeaz gain, migrazio garaia denean, Europako hegazti harrapari eta planeatzaile gehien biltzen duen gunea.

Orreagako Andre Mariaren Kolegiata
Ibañetako Hegazti Migratzaileen Zentroa