Onddoak
(Boletus gr. edulis)

Deskripzioa: ertaina edo handia da tamainaz, kapela hurritz kolorea, arre-txokolatea edo arre-gorrixka. Oin lodia, batzuetan lodikotea, oinaren goi aldean “erretikuloa” izeneko saretxo batekin. Himenioa hoditsua da, hasieran zuriak eta heldu-aroan hori-berdantza kolorekoak. Haragia zuria da eta ez da urdintzen.

Lau onddo (Boletus gr. edulis) espezie daude: Boletus aestivalis eta Boletus aereus (udakoak) eta Boletus edulis eta Boletus pinophilus (udazkenekoak). Udaberri amaieran ere, ekaina aldean, heldu daitezke.

Habitata: pagadi eta hariztietan, ekain erdialdetik azaro erdialdera.

Boletus aereus. Udako espeziea, harizti eta gaztainadiei atxikia. Erroibarren, Auritzen eta Orreagan ez da oso ugaria.

Boletus aestivalis. Udako espeziea, pagadi eta hariztietan ohikoa. Espezie hau ekainaren erdialdera hasten da agertzen. Bero handiko eta ekaitz ugariko udak izaten dira egokienak espezie honen “agerraldi” edo “joaldi” handi samarrak ikusteko.

Boletus edulis Boletus pinophilus. Udazkeneko espezieak, pagadian ohikoak. Irailaren hasieran, lehenbiziko euri erauntsiak etortzen direlarik hasten da ateratzen, lehenik goi aldeko pagadietan, eta pixkanaka-pixkanaka jaitsiz ibarrean behera, urrian erabat zabaldu arte. Temperatura freskoak nahi izaten ditu, eta hezetasun handia. Boletus pinophilus espezieak agerraldia izan dezake ekainean. 

Jangarritasuna: Jangarri bikaina. Zaleek oso estimu handian dute. Gordinik ere jan daiteke.

Oharrak: Kontrolik gabeko bilketak ondorio kaltegarriak ekarri ditu Nafarroako eskualde batzuetako oihanetara eta, hori ikusita, guk neurriko bilketa proposatzen dugu.

Nahasteko arriskua: Behi-onddoa (Boletus gr. Luridus). Espezie hau susmagarria da toxikoa ez ote den.
Poro gorri-laranjadun espeziea da, oinean erretikuloa duena eta haragia urdintzen dena.

Argazkiak: Patxi Pérez Zugasti